XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Honela bada, esan dezakegu dudarik gabe agertzen diren lehen berri idatziak XVI. mendera garamatzatela.
Baina ordukoa ala lehenagokoa ote pastorala? Ea zer dioten ikertzaileek.
Chahok bere 1836. urteko lan batetan esaten digunez, Xuberoako pastoralak hamar menderen bizia badarama bere gain, eta bestetik lehen eta azken pheredikiak greziar melopea oroitarazten omen du zalantzarik gabe.
Websterrek ere Petit de Julevilleren eritzian finkatuz antzerti greziarrarekin dituen berdintasunak azpimarratzen ditu, honelaxe euskaratu dugun hitzotan:
Beraz, pastoralak antzokia leku ideki eta zabal batean alde batetik duelarik, lehen eta azken pheredikia, bertsoa, musika, dantza eta poesia loturik doazela, satanek hartzen dutela koroaren funtzioa, eta beste zenbait detaileengatik Greziako antzerkia oroitarazten du nahitanahi ez.
H. Gavelek lehen eta azken pheredikiaren doinua aztertzerakoan kantu gregorianoa dela, esaten digu, eta ez dela XV. mendea baino beranduagokoa, eta izatekotan agian zaharragoa datekela.
F. Michelek ere dioenez ezinezkoa baldin bada jakitea noizkoak diren antzez emanaldi hauek, gaiak bai, alegia, pastoralek erabiltzen duten tematika XIII. eta XIV mendeetan finka daiteke, garai hauetan baitzeuden modan zaldun eleberriak eta misterioen antzezkizunak, batipat.